Bidaia-kaiera

Henry Stanley esploratzaile galesari koadernoa erretzeko agindu zioten tribu afrikar bateko kideek. Haserre zeuden Stanleyrekin, eskualdea goitik behera miatzen zebilelako, eta koadernoan egiten zituen zirriborroak oso susmagarriak iruditu zitzaizkien: gizon zurien errito gaizto bat izan zitekeela uste zuten.

(Irakurtzen jarraitu)

Esploratzaileak koadernoa zakutoan korrika sartu zuen eta berriz ere atera. Baina atera zuena ez zen koadernoa izan, Shakespeareren liburu bat baizik, antzeko larruzko azala zeukana. Horixe erre zuten, eta Stanleyk urte luzez Afrikan egindako esplorazioen apunteak salbatu zituen, gerora Through the dark continent izeneko liburu ospetsuaren oinarri izango zirenak.

Livingstone eskoziarrak ere urte asko igaro zituen Afrikan, fauna eta flora, biztanleen izaera eta ohiturak, aberastasun-iturrien kokapenak, ibai, mendikate eta bideen berri jasotzen. Eta kaierak bukatu zitzaizkionean liburu eta egunkari zaharren marjinetan idazten zituen eguneroko behaketa eta gogoetak. Tinta agortutakoan, landare baten haziei zukua atera zien idazketan erabiltzeko.

Kontinente ezezagun bati buruzko datuak gordetzearen ardura sozial eta zientifikorik izan gabe ere, idazten duen edozein bidaiarirentzat koadernoak dira ekipajeko gauzarik baliotsuena. Koadernoetan pilatzen dira ideia-muturrak, burutazioak, gogoeta baten txinparta, pertsonaia edo eszena baten deskribapenaren zertzeladak… «Beste bidaideek ahaztuko lituzketen gauzak», Cees Nooteboom idazlearen hitzetan. «Memoriak bidaia bateko zenbait gertaera eta giro orokorra gordetzen ditu, bizi izan zenuena gogoratzen duzula uste duzu, eta agian hala da. Dena den, memoriaren jarioa ez da benetan hasten zure apunteak berrirakurtzen dituzun arte». Orduan, koadernoko apunte totel eta nahasiak berrirakurtzean, memoriaren berpizte magikoa gertatzen da: gau tropikalaren bero itsaskorra sentitzen duzu berriz azalean, iruzur egin zizun taxilariaren aitzaki barregarria hitzez hitz gogoratzen duzu, eta basamortuan ganbeluak zeramatzan nomada batek piztu zizun nostalgia lauso hura idatziz azaltzen saiatu beharko zenukeela iruditzen zaizu.

Askotan ez da erraza apunteak hartzea, koadernoaren presentziak egoeraren naturaltasuna urratuko lukeelako. Australiako tropikoan berrogei urte zeramatzan familia euskaldun baten etxean afaltzen ari ginela, azukre-kanabera moztera aspaldi joandako emigrante haiek istorio zoragarriak kontatzen zituzten, dramatikoak batzuk, barregarriak besteak. Ez zitzaidan egoki iruditu koadernoa mahai gainera ateratzea, baina oharrak hartu nahi nituen nola edo hala istorio horiei heltzeko.

Komunera joateko aitzakiarekin jaiki nintzen. Krisketa itxi, poltsikotik kaiera txikia atera eta presaka idatzi nituen emigranteen istorioen oinarrizko xehetasunak eta datuak. Mahaira bueltatu nintzen. Bazkalondoa luze zihoan, eta ordu erdira berriz altxa nintzen komunera oharrak hartzera. Eta aurrerago beste behin… Hirugarrenez mahaira itzuli nintzenean, etxekoandre adi eta zuhurrak ahopeka esan zidan tripak lasaitzeko arroza eta limoi ura prestatuko zizkidala.

Hori ere azkar idatzi nuen koadernoan, noizbait zutabe batean erabil nezakeelakoan.

(Garako Gaur8-n argitaratua).

Etiquetas: , ,

votar

0 Comentarios Dejar comentario

4 Trackbacks

  • Ander Izagirre - Stanley esploratzaileari koadernoa erretzeko agindu zioten beltzek. http://t.co/ic7ud4Jv
  • Xabier Iglesias - Stanley esploratzaileari koadernoa erretzeko agindu zioten beltzek. http://t.co/ic7ud4Jv
  • Manex Lete - Esploratzaile izatearen arrsikuak. Bidaia-kaiera - http://t.co/TgkS7qEw @anderiza -ren eskutik
  • gentedigital - Bidaia-kaiera, por @anderiza http://t.co/1Bw1JDO7

Escribe tu correo:

Delivered by FeedBurner



Escribo con los veinte dedos.
Kazetari alderraia naiz
(Más sobre mí)