Alberto Iñurrategi: «Gailurra, batzuetan, porrota ezkutatzeko erabiltzen da»

Mendian egin du bidea Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968) baina orain beste ildo batzuk jorratzen ari da: Juan Vallejo eta Mikel Zabalza kideekin, Groenlandia eskiz zeharkatu zuen hegotik iparrera aurreko udaberrian, lerei tiraka eta kometen laguntzarekin, eta azaroan Antartida gurutzatzera abiatuko dira hirurok. Gailurrik gabeko jardueratan murgildu berritan, gailurra zapaltzeari ematen zaion gehiegizko garrantziaz gogoeta egiten du Iñurrategik: arrakasta eta porrota ulertzeko dugun modua zalantzan jartzen du. “Porrotaren alde” izeneko hitzaldia emango du Tolosako Oargi elkartean, urriak 14an, 19.30etan.

Josu Iztueta eta Ander Izagirreren elkarrizketa, Galtzaundi aldizkarirako.

Porrotaren aldeko aldarria egiten duzu. Zer dira zuretzat porrota eta arrakasta?

Mendia kutsatu egin da garaipenaren idolatriarekin. Nik behintzat ikasi dut, inguruan izan dudan jendeak horrela irakatsita, ustezko porrotak badituela elementu interesgarri pila bat.

Zer da porrota orduan? Noiz da porrot bat ona?

Benetako ahalegin baten ondorengo porrota, porrot ona da. Elementu positibo ugari dauzka. Azken boladan mendi giroan ikusten dut zenbait jendek, bere ibilbidea izugarrizko porrota izanda, gailurra erabiltzen duela porrot hori ezkutatu eta arrakasta moduan saltzeko. Beti esan izan dut mendian benetan polita eta interesgarria dena, benetan emozioak biziarazten duena, bidea dela. Gailurra ikaragarri interesgarria da, osagarri oso ederra, baina garrantzitsuena eta ezinbestekoa bidea da.

Zuk, beraz, ez duzu gailurra zapaltzea arrakastarekin derrigorrez lotzen.

Everesten 8.500 metrotan buelta eman behar izan genuen 2006an, Hornbein bidetik igotzen ari ginela, baina ni igoera hartaz oso harro nago, zapaldutako gailur askorekin baino gehiago. Patagonian Cerro Torretik jaitsi behar izan genuenean ere, ikaragarri pozik gelditu nintzen esperientziarekin. Baina ikusten dut zenbaitek beti apustu segurua jotzen dutela, eta esango nuke askotan ez dituztela emozio edo esperientzia interesgarriak bizitzen. Nik “porrotaren alde” esaten dudanean, nork bere burua behartuz ikasten diren mila gauzei balioa eman nahi diet, gailurra zapaltzearen baitan ez daudenak. Gailurra kontutan hartu behar da, noski, polita da, baina ezin zaio lehentasunik eman. Mendian helburua gailurra nola edo hala jotzea bada, seguruenik arrisku gehiegi hartuko dira eta ardura etikoa ere deskuidatu egingo da.

Baina zure porrotaren eta arrakastaren irizpide hori ez dator bat gizartean saltzen denarekin. Horrek ez dizu tentsiorik sortzen, adibidez zure babesleek bilatzen duten oihartzunarekin eta zuk egin nahi duzunarekin?

Oreka bilatu behar da, nork bere printzipioei uko egin gabe aurrera egin ahal izateko. Babes ekonomikoa garrantzitsua da, baina guk modu jakin batean egin nahi ditugu espedizioak, zailtasunak bere horretan onartuz, erronkak planteatuz, ahalik eta modu garbienean aurre eginez, eta horrek gailurra edo ustezko arrakasta lortzeko aukerak mugatzen ditu. Hala ere, zorte handia izan dugu, filosofia edo printzipio horiekin bat datozen enpresak topatu ditugulako. 1993tik nabil BBKrekin eta badakit beraiek ez dutela nahi nik gauzak edozein modutara egiten ikusterik. Baloratzen dute gauzak nola egiten diren eta izugarri eskertzen diet. Naturgasekin berdin: Makalura joan eta gailurrik gabe bueltatu; Everestera joan eta gailurrik gabe bueltatu; eta hirugarrenean, Broad Peak-erako proposamena egin genienean, bide berri batetik igo nahi genuela esan eta baiezkoa eman ziguten orduan ere. Garaipena bilatzen duten mendizaleentzat badago babesle asko; baina bidea baloratzen duten eta balore horien alde apustu egiten dutenak ere badaude.

Zure burua behartzearen garrantzia aipatu duzu. Horregatik egin al duzue hain aldaketa nabarmena, Himalaiatik Groenlandiara, espedizio bertikaletatik horizontalera? Zeuen buruak jarduera berritan behartzeko?

Eskiekin, lerarekin eta kometarekin, teknikarik eta esperientziarik ez dugun eremu berri batean sartu gara. Horrek abentura kutsu handia ematen dio, eta behartzen gaitu ikastera, planteamendu berrietara egokitzera, sekulako interesa jartzera egiten dugun gauza guztietan: dokumentazioan, lan taldeari eman behar zaion garrantzian…

Gainera, Himalaia eta Groenlandia hain ezberdinak izanda ere, osagarriak direla esango nuke. Himalaiako esperientzia gabe, seguru nago Groenlandian ez ginela bide erdira iritsiko. Eta Groenlandian bizitakoa baliotsua izango zaigu Himalaiara bueltatzen garenean. Esperientzia oso muturrera eramaten denean, hortik beti dago ikasterik.

Alde handiak topatu dituzue, bi espedizio mota hauen artean?

Bai. Mendian hutsegite txikiena ere oso garesti ordaindu daiteke. Horizontalean, aldiz, segurtasun tarte handiagoa dago. Eta oraingo zeharkaldiek ez dute zerikusirik garai batekoekin: satelite bidezko telefonoak eramaten ditugu, eta nahiz eta momentuan erreskatea egiteko aukerarik ez izan, aste baten barruan aukeraren bat egon liteke helikopteroa edo abioneta bat zure bila etortzeko. Horrek segurtasun tarte bat ematen du.

Egia da elkarbizitza askoz gogorragoa dela Groenlandian. Himalaian muturreko baldintzak egun jakin eta gutxi batzuetan ematen dira eta egun horietatik kanpora ia etxean bezala egoten gara: sukaldaria daukagu, jan eta edateko nahi dugun guztia, bakoitzak bere denda, musika, liburuak… Groenlandian, aldiz, hiru lagun gara; jatekoari dagokionean, gose puntuarekin ibiltzeko beste eramaten dugu; espazio txikian egin behar dugu elkarbizitza egun askotan; muturreko egoerak ere ematen dira, ekaitza egunetan edo oso nekatuta zauden egunetan, eguna joan eta eguna etorri ortzemuga besterik ikusten ez denean… Horrek psikologikoki erresistentzia handia eskatzen du.

Nolakoa izan da zeharkaldiaren eguneroko martxa?

Han egun guztiak oso berdintsuak dira, gaurik gabekoak, eta denak gogorrak. Haizea, hotza, nekea, izotzezko lautadaren monotonia. Goizeko hiru eta erdietan jaiki eta arratsaldeko zazpiak edo zortziak arte eskiatzen eta kometa gidatzen ibiltzen ginen. Eta berezitasun batekin: denok batera joan behar genuen, helburua denok lortuko genuen ala inork ez. Mendian, agian jaitsi beharra dago egun txar batean, baina askotan izango duzu beste ahalegin baterako aukera. Groenlandian ez dago aukerarik.

Horrelako zeharkaldi luzeetan, ahulenak edo teknikarik okerrena duenak markatzen du erritmoa, eta hori egun pare batez ez da arazoa, baina hainbeste egunetan… Batzuetan pentsatu izan dugu martxa horrekin ez ginela jomugara iritsiko, eta hiruretatik bat zen martxa mantsotzen zuena, horrek tentsioa sortzen du. Elkarbizitza zaila da, noski. Baina seinalerik onena da azaroan Antartidara berriro hirurok elkarrekin goazela, hilabete hauetan ere elkarrekin eskalatzen jarraitzen dugula oso maiz…

Groenlandian 32 egun eman ditugu izotzetan eta luzea eta gogorra egin zaigu. Antartidan 70 egun egitea planteatzen dugu eta horrek beldurra ematen du. Baina beldurra bera ere interesgarria da.

Abenduan, zuek Antartidan ibiliko zareten garaian, ehun urte beteko dira Amundsen eta Scott bakoitza bere aldetik Hego Polora iritsi zirenetik. Nola ikusten duzu haiek orduko medioekin lortutakoa, orain egiten denarekin konparatuta?

Ikaragarria da egin zutena. Nik Groenlandian oso presente izan dut isolamenduaren sentsazioa, gogorra, baina ez da ezer duela ehun urteko egoerekin konparatuta. Eta ez naiz garai hartako bidaiariez bakarrik ari, orduko lanbide arruntetan ere nolako egoerak bizitzen zituzten! Guk egin dugun zeharkaldiarengatik komunikabideetan atera gaituzte, sekulako merituak emanez, eta Euskal Herrian arrantzaleek horrelako egoerak eta okerragoak bizi izan dituzte mende askotan, sekulako irteera luzeak eginez, sekulako arriskuak onartuz, leku ezezagunetara joanez, komunikaziorik gabe, erreskate aukerarik gabe, eta hori dena onartzen zen gauza normala bezala. Guk, ordea, gauza errazagoak eta segurtasun handiagoarekin egiten ditugu, baina lanbide arrunt bat izan ordez kirola denez, garrantzi ikaragarria ematen zaio.

Etiquetas:

votar

0 Comentarios Dejar comentario

5 Trackbacks

Escribe tu correo:

Delivered by FeedBurner



Escribo con los veinte dedos.
Kazetari alderraia naiz
(Más sobre mí)