Alex

7 Jun

Nota: En este post cuento la historia de una persona especial que conocí en La Habana, de aspecto trans (sobre todo porque luce perilla sin hormonarse), pero que fue diagnosticada mujer al nacer y se define como mujer. Vive muy aislada. No es fácil ser diferente en Cuba (tampoco en casi cualquier otro lugar del mundo). Este post se enmarca en mi proyecto periodístico cubano, y no tengo intención por ahora de traducirlo al castellano. Escribir en euskera es una petición de mi minimecenas Xabier Mendiguren. Make Irigoien, por su parte, me pidió que hablase algo sobre jóvenes que se salen de la norma heterobinaria. Me gusta tener gente cerca que me anime a escribir en euskera, porque me cuesta (es una lengua que aprendí de pequeña y que dejé oxidar por un cúmulo de circunstancias), pero también lo disfruto y aprendo.

Alex-ek hogeitamar urte inguru izango ditu, rasta luzedun ilea dauka, mestizoa da (azal iluna baina ez beltza), urduria eta itxia dirudi, kokospeko luzea dauka (‘perilla’, hiztegian bilatu berri dut) eta bere begirada sakona eta onbera da. Bakero luzeak janzten ditu, galtzontziloak bistan, eta bere gorputz oso argal eta formarik gabea estaltzen duen kamiseta arrunta. Mutiko bat dirudi, edo gutxienez gizonezko transexual edo transgenero bat. Baina emakumezkoa da. Eta ez da emakumezkoa alua daukalako, baizik eta bere burua dudarik gabe ‘emakume’ etiketarekin identifikatzen duelako. Emakumea, lesbiana eta feminista.

Alex ez da ‘queer’ teoria zalea. Emakumea da eta kitto. Bere bizarra ikusita galdera saihestezina airean dago, momentu egokia aurkitzeko prest: testosterona hartzen du? Ez horixe. Bere bizarra naturala da eta ez du mozten. Hori da kontu guztia. Bizarra dauka bere gorputza hala delako. Horrela janzten du nahi duelako. Eta emakumeak maite ditu. Baina emakume sentitzen da. Ez joan berari transgenero kontzeptuari buruz hitz egiten; ez du behar den bezala izateko.

Egia esan, bere izena ez da Alex (eta bere egiazko izena oso unisex da), baina ez dakit ea gustatuko litzaiokeen berari buruz blog batetan idatzi dutela jakitea. Freak show pertsonaia bezala ikusia sentitu izan da askotan, seguruenik. Ez da erreza La Habana bezalako hiri batetan desberdina izatea. Hori dela eta, oso isolatua bizi da. Habana Viejako kale turistiko batetan bizi da, plaza ospetsu eta eder batetik oso gertu. Bere txakur emea da bere konpainia bakarra, eta azken bolada honetan bere neba ere etxean lo egiten du, baina euren harremana ez da oso ona. Alex-en etxea txikia da, baina benetan berezia. Bere logela egongela ere bada: koltxoia lurrean dago eta bere alboan gonbidatuentzat besaulkiak ditu. Berezia da hormak bere marrazki eta idazkiz beteta dituelako.

Hor bukatu nuen Krudas Cubensi taldeko Pasita eta Olivia ezagutu nituenean. Elkarrekin egin behar genuen mahai inguruaren aurreko egunean, Obispo boulevard-etik paseatzen nenbilen, eta terraza batetan eserita zeuden beste bi pertsonekin. Bere orrazkerak, tatuajeak eta jarrerak direla eta ez da zaila Pasita eta Olivia kaletik ikustea eta momentuan Krudas direla konturatzea. Lotsa gainditu eta eurengana joan nintzen: «Hola, soy June, mañana hablo con vosotras sobre el cuerpo de las mujeres en los medios. Os he visto y me apetecía acercarme a saludar». Oso jatorrak izan ziren. Beraiekin eseri nintzen, zuku bat eta pizza bat eskatu, eta transfeminismoari buruz eta Kubako egoerari buruz (sexu aniztasunaren normalizazio prozesuarekin kritikoak agertu ziren) luze hitz egin genuan. Alex-en etxera zihoazela esan zidaten: tipa berezia dela, kriston bizarra daramala, naturala, baina emakume bezala definitzen duela bere burua, etab. Animatu nintzen, Krudas-en konpainia atsegin nuen, eta bere laguna ezagutzeko irrikitan nengoen.

Bere istorioa gainetik kontatu zidaten: Bartzelonara migratu zuela, ez dakit zer arazo zela eta itzultzera behartu zutela, eta kontrastea itzelezkoa izan dela. Bartzelonan bere mutiko itxurarekin eroso bizi ahal zen: Habana Vieja-n aldiz, auzoko guztiek ezagutzen dute eta txutxu-mutxuak nonahi daude. Gainera Kubako eguneroko esamesetan zuzentasun politikoa ez dago modan. Lodia bazara «la golda» zara, argala bazaude «la flaca», lesbiana bazara «tortillera», oso beltza bazara «la negra prieta», eta hala jende guztiak izan dezake gure gizartean iraingarria den ezizena.

Sexu aniztasunak motel egiten du aurrera. Transexualen operazioak 2008an hasi ziren, eta eurei buruz hitz egiteko «travesti» hitza erabiltzen da gehien bat. Gizonezko bi transexual besterik ez daude irlan identifikatuta (biek tratamendua osotu dute). Kalean bi gizon edo bi emakume muxukatzen badaude, oraindik ere poliziaren aldetik isun bat jasotzearen arriskuan daude. Eta trans identitateak ez dira ezagunak. Alex ez da bakarra (beste bati buruz hitz egin didate: emakume jaio, gizon sentitu baina janzkera femeninoa daramana, eta beraz, trans, lesbiana eta travesti bezala aurkezten dena), baina argi dago bere izakerak ez duela gizarteratzea errazten.

Besaulkietan eseri eta Oliviak bere pipa piztu zuen. Alex-ek Bartzelonan asko erre omen zuen (eta badirudi horrek bere osasun mentala kaxkartu duela), baina Kuban kanabisa oso kriminalizatua dago. Gure kontuekin jarraitu genuen: trans operazioak, pospornoa, jostailuak, hormonak… Gai hauek, paradoxikoki, Alex gogaitzen zuten. Ez da batere queer zalea, gauza naturalen aldeko aldarri berezia egiten du. Alegia, bera hala da hala delako, atzean ez dago, bere esanetan, identitatearen inguruko diskurtso konplexurik. Lesbianaren nortasuna, baina, harrotasunez defendatzen du.

Hurrengo egunean mahai ingurura etorri zen. Bukatzerakoan nigana jo zuen eta esan zidan asko gustatuko litzaiokeela nirekin egotea, bere idazkiak erakustea eta patsadaz hitzegitea. Bere etxetik pasatuko nintzela zin egin nion, baina gauero konpromisoren bat neukan, gero hiritik joan nintzen, eta itzultzerakoan bere etxera joan nintzenean, ez zegoen. Pena eman zidan eta kezkatu ninduen berriro ere bera baztertua sentituko zela pentsatzeak. Gainera elkarrizketa egitea espero nuelako ez nuen apunterik hartu bera ezagutu ostean, eta orain daukadan oroitzapena oso lausoa da. Hurrengoan fijo bisita egingo diodala.

Moraleja: Bularretakoei buruzko postean norbaitek esan zidan eguneroko bizitzan binarismoa sendotzen duten praktikak salatzea txorakeria bat dela, eta nire kezka hori den bitartean, munduan zehar egunero jendea gosez hiltzen dela. Demagogia ustela iruditu zitzaidan, baina gainera gezur galanta. Mundu osoan zehar jendeak ez du bakarrik sofritzen goseteak edo gerrak direla eta. Binarismoa indarkeria da, eta feminitate eta maskulinitate eredu zorrotzetik kanpo geratzen diren pertsonak gizarte guztietan baztertuak bizi dira. Sexu aniztasuna ez da kapritxo burges bat, zapaltzen den errealitate bat baizik. Lehen hori intuizio bat zen niretzat, baina Kuban ikusi izan dut jende askorentzat desberdin izateagatik bizi duen bazterkeria pisu txiki batetan bizitzea eta egunero arroza jatea baino gogorragoa dela. Eta Alex-ek binarismoaren kontrako erresistentzia jarrerak herrialde, klase eta kolore guztietako pertsonen artean aurkitu ditzakegula frogatzen du.

 

Be Sociable, Share!

10 Respuestas para “Alex”

  1. xme 7 junio, 2012 en 22:03 #

    aupa, june, eskerrik asko.

    ez dakit kritika den, edo kezka, edo zer: binarismoa eta sailkapenak asko kritikatzen dira baina aldi berean, iruditzen zait jende horrek berak obsesio bat duela definizioekin eta izendapenekin.

    • Aitziber 9 junio, 2012 en 22:22 #

      Gustura irakurri dut gai honi buruzko zure testua euskaraz. Ezin dut aukera galdu, euskaraz gehiago idazteko animoak emango dizkizut nik ere, ia gehiagotan egiten duzun. Edukinaren inguruan, erlatibismoa berriro kolokan, eztabaida irekita! muxu bat.

      • June Fernández 12 junio, 2012 en 22:57 #

        Eskerrik asko, politxa! Hitz egingo dugu kasu honetan erlatibismo eta unibertsalimoaren inguruan dagoen gatazkaz.

    • June Fernández 12 junio, 2012 en 22:54 #

      xme, zuk euskaltzale zaren neurrian, euren identitatea zapaldua sentitu duten pertsonek obsesio puntu bat izatea ulertuko duzu, ezta? Hala ere, Alex-en kasua justo kontrakoa zen, esan dudan moduan: binarismoarekin hainbeste apurtu eta horren inguruko diskurtsoekin ez dabilen pertsona batena.

  2. MAKE 11 junio, 2012 en 15:56 #

    Mila esker June! 🙂
    Nire eskaerari erantzuteagatik,
    euskaraz idazteagatik,
    goxo goxo irakurtzen den Alexenganako hurbilketa erakargarria egiteagatik,
    gaia irekia eta eztabaida aberatserako ateak zabalik uzteagatik,
    sinplifikazioetatik ihes eta konplexutasunaren bistaratzearen aldeko ahaleginagatik,
    sentimendu eta emozioak mugiarazteagatik.
    Muxuuu

    • June Fernández 12 junio, 2012 en 22:58 #

      Make, zer egingo nuke zure laztan birtualik gabe? 🙂

Trackbacks and Pingbacks

  1. Xabier Mendiguren - 7 junio, 2012

    ez da trans, ez da queer, ez da gizona baina kokospeko bixarra du… june fernandezen artikulu1 mezenas izendatzen nauena http://t.co/8sfJdSgw

  2. gentedigital - 8 junio, 2012

    Los viajes de @marikazetari a Cuba siguen dando jugo. Ahora nos cuenta la historia de Alex http://t.co/Hj8591tW

  3. aitziber eguskiza - 9 junio, 2012

    Kuban, arazo ekonomikoetaz gain badira beste unibertsalak ere: Alex – http://t.co/0URmWFna http://t.co/0URmWFna @marikazetari

  4. MAKE IRIPERU - 11 junio, 2012

    Alex | Mari Kazetari http://t.co/txfuk4WG