Marijuliren postalak

Marijuli Azkue laguna joan zaigu. Etxean hilda aurkitu zuten abenduak 20an, Asteasun.

 Postal bat jaso nuen etxean, 2005eko maiatzean, eta zeinek bidali zidan asmatu ezinik ibili nintzen. “Ni” sinatzen zuen egileak.

Argazkian laku bat ageri zen gatz lautada baten erdian, mendi beltz bolkanikoz inguratuta. Ezaguna egin zitzaidan eta seiluan République de Djibouti irakurri nuenean, misterioaren zati bat argitu nuen: argazkian agertzen zena Assal lakua zen, Afrikako depresiorik sakonena, Pangea espedizioaren azken etapan bisitatu genuena. Zigilu-markak 2005eko apirilaren 27ko data zeukan: zein ote zebilen munduko zoko ahaztu hartan, niri euskaraz idatzitako postala bidali zidana?

Orduan etorri zen sorpresarik handiena, egileak postalari eskuz jarri zion datari erreparatu nionean: 2001eko ekainaren 29a. Lau urte lehenagokoa! Eta 2001eko egun hartan ni Djibutin nengoela konturatu nintzen, Josu Iztueta eta Marijuli Azkuerekin batera.

Enigma argitu nuen azkenik: “ni” misteriotsu hori Marijuli bera zen. Lau urte lehenagoko egun hartan, Josuri eta bioi ezer esan gabe, postal bana bidali zigun Marijulik, bueltatzen ginenerako etxean zain izango genituela pentsatuz. Josuk eta biok ez genuen jakin Marijulik postal hori bidali zigunik. Eta postalak, antza denez, lau urte pasa zituen Djibutiko gutunontzian edo funtzionario afrikar baten bulegoan zokoratuta.

Marijulik lagun batzuen umeari ere postala bidali zion Djibutitik, orduan urte bat zeukan neskatoari. Neskak bost urte zeuzkan postala heldu zitzaionean eta irakurtzeko gai zen ordurako. Jakintsua da denbora. Edo funtzionario afrikarrak.

Bidaia hartan ezagutu nuen Marijuli, Josuren lehengusina, eta aurrerantzean halako keinuak uzten zizkidan beti: tarteka sorpresa bat, laztan bat, kuku bat. Eskutitzak maiz. Eta eskutitz bat urtero garai honetan bertan, urte berri ona opatzeko, Marijulik munduan zehar ateratako argazki batekin. Iazkoa -eskuetan daukat orain- Cabo Verdeko krater bat zen, lautada berde, berde, berde bat, harrizko txabola eta behi batzuekin, eta 2014ko egunerokotasuna koloreztatzeko adina berde bidali nahi zidala idatzi zidan. Eta ederra izango zela urte hau. Ederra izan da, Marijuli, ia azkenera arte.

Bidaia hartan ezagutu ninduen Marijulik, Djibutin. Zazpi hilabete eta bost kontinenteren ondoren, Pangea espedizioaren azken bidai horretan oso nekatuta geunden Josu eta biok, munduko herrialderik beroenean abailduta, itota eta muturtuta, mango-zukua edaten ari ginen terrazatik altxatzeko eta Djibutiko basamortu bolkanikoan barrena bidaiatzeko gogo izpirik gabe. Marijulik azken etapa hartan lagundu gintuen. Marijuli ezagutu dutenek erraz ulertuko dute nolako deskarga elektrikoa izan zen bere umorea Josu eta biontzat. Dantzan jarri gintuen, eta inoiz egin dugun bidaiarik arraro, dibertigarri eta gogoangarrienetako bat burutu genuen. Liburu baterako ere eraman zuen: nire lehenengo liburua, azalean Marijulik ateratako argazki bat zeramana.

Aurrerantzean ere halaxe izan zen beti: egun arraroak, dibertigarriak eta gogoangarriak oparitu zizkigun Marijulik, bere postalak bezala. Orain hutsik gelditu zaigu buzoia.

4034

Argazkia: Aiurri.com

Etiquetas:

votar

5 Comentarios Dejar comentario

  1. Ander Izagirre #

    Atzo, hiletaren amaieran, Marijulik Gabon hauetan bidali behar zidan karta eman zidaten. Sobre gorri bat zen, helbidea eskuz idatzita zeukan, seilua jarrita. Itxita zegoen, bidaltzeko prest, ezin izan zuen buzoian bota. Eskuetan daukat orain.

  2. Elixabete Perez Gaztelu #

    Gure gutuna ere etxean dago. Ez gara oraindik gauza izan zabaltzeko.

    Zure baimenik gabe, Ander, titulua nirera egokituko dut (eskerrik asko!), Marijuliren beste aldetxo bat hona ekartzeko.

    «Marijuliren poltsak»
    Marijulik Asteasun harrobi misteriotsuren bat zuela pentsatzera ere iritsi ginen: orain txorizoa, gero kiwiak, eta azelgak, eta sagarrak eta sagar-gozoa eta… Kajak eta poltsak autoan, dantzan bati eta besteari.

    Azken bolada honetan, gainera, barazkiak ez ezik poltsak ere ematen zizkigun Marijulik.
    –Ez ekarri, lasai. Erabili behar baduzu, zuretzat.

    Lehengo ostegunean, hilaren 17an, uaxap bidezko elkarrizketa hau izan genuen, Marijulik barazkiz eta kiwiz beteta etxera eramandako poltsa handia ikasleen lanak garraiatzeko erabili nuela eta:

    Nik: -Ezetz asmatu zertarako erabili dudan Asteasutik barazki bete ekarri genuen poltsa?
    Marijulik: -Sarrak, kibik, eskolako lanak… zenbat sabiduri…
    Beste lagun batek:
    -zure poltsa barazkiekin etorria dugu aspalditik etxean eta beti aztu.
    Marijulik: -Lasai. Elik moduan ibiltzen badezute zuretzat. Bueltatu ez badezute ibiltzen bakarrik.

    Hauxe izan zen gure arteko azken elkarrizketa.

    Eskuzabala, bixia, alaia, beti aurrera eginzalea, plan-antolatzaile aparta… gure Asteasuko txinparta zen Marijuli.

    Nola beteko dugu orain, Marijuli, gure barrengo poltsa huts-huts hau?

    • Ander Izagirre #

      Ze polita, Elixabete. Eskerrik asko oroitzapen horiek ekartzeagatik. Nik Marijulik emandako intxaurrak eta sagarrak gogoratzen ditut…

  3. Eñaut Gracia #

    Postalak eta poltsak. Poltsak eta postalak. Ni ere azken egun hauetan utzitako hutsunearen inbentarioa egiten ari naiz eta ez dakit nondik hasi.

    Deitaile txiki eta handiak. Goxotasuna eta beroa. Nola neurtu hori kuantitatiboki kualitatiboki egitea ere ezinezko lana denean? Eta gauzak nola diren, berekin pentsatzen hasi eta bazkaltzeko edo afaltzeko geratzen gineneko momentuak datozkit gogora. Aitaren etxean ez gara oso protokolarioak jan ordutan eta ez dira beste etxeetan dauden hainbat araudi ez idatziak errespetatzen (denak exeri arte itxoin, denei serbitu, etab.). Hondoratzen ari den itsasontzian lez “ahal duenak ahal duena”. Marijulik aldiro gogorarazten zizkigun elkarbizitzarako detaile hauek. Sisifo bezala, behin eta berriz maldan gora ekinean, nahiz eta jakin gu bezelako jendearekin lanak zituela. Nolabait esateko beraz zibilizazioa ekarri zuen gure etxera janaldietan. Prehistoriako biztanleentzat sua izan zen bezala.

    Horretan nabil egun hauetan. Hori joan zaigula. Bere goxotasun eta pazientziaz zibilizatu gintuena hil zaigula. Sua amatatu zaigula.

    Eta zer egin behar dugu orain? Gauzak ez dutenean ez zapore ez usain berdina suaz sukaldatuak ez daudenean? Ikusten duguna ere, laino gris batek tapatu balu bezala ikusten dugunean suak ematen duen argitasuna falta delako? Surik gabe etxea hotz geratu denean? Nola berotu? Zer egin behar dugu orain surik gabe?

    • Ander Izagirre #

      Barre egin dut, Eñaut, Marijuliren zibilizazio lan horrekin. Baina nik esango nuke sua behintzat utzi digula, ezta? Horrek gurekin jarraituko duela.

Escribe tu correo:

Delivered by FeedBurner



Escribo con los veinte dedos.
Kazetari alderraia naiz
(Más sobre mí)