Oasi bat frankismoaren basamortuan (Santo Tomas Lizeoa, 1960)

Ausardia behar zen 1960an seme-alabak ikastola batera eramateko. Halaxe egin zuten zenbait gurasok: apaiz eta mojen eskoletatik atera zituzten umeak, edo Donostiako Alde Zaharreko pisuetako lehen ikastola klandestinoetatik, eta akademia pribatu sortu berri batera eraman: Santo Tomas Lizeora.

Iaz, ikastolak 50 urte bete zituela eta, lehen ikasturtean (1960-61) ikasle izandako bederatzi gizon eta emakume bildu genituen mahai baten inguruan Jon Lamarkak eta biok, hastapen haiek gogoratzeko. Anekdota bikainak atera ziren: irakasle artista, hippy eta modernoak, Darwinen teoriak azalduz eskandaluak pizten zituztenak; garaiko literatura eta zinema abangoardistena ezagutzeko izan zuten aukera; hezkuntza sexuala lotsak gorrituta ematen zien apaiza; hezkuntza inspektoreei iskin egiteko trikimailuak… «Garai hartako diziplina gogorra eta pedagogia zurrunaren ordez, irakasle artista eta intelektualen sormena eta kezka modernoak, ikasle talde txiki baten adiskidetasun estua, neska eta mutilen arteko berdintasuna eta euskal giroa topatu zuten. Halako oasi bat frankismoaren basamortuan».

Santo Tomas Lizeoak mende erdia ospatzeko argitaratu zuen liburu ederrean agertu zen mahai-inguru honen kontakizuna. Hementxe daukazue:

OASI BAT FRANKISMOAREN BASAMORTUAN

Berrogeita hamar urte beranduago, ibai bat eta oasi bat daukate gogoan lehenengo lizeotarrek.

Ibaia, literala: Urumea. Olazabal pasealekuko etxe batean izan baitzuen Santo Tomas Lizeoak lehenengo egoitza, gaur egun Bizkaiko pasealekua den horretan. Hernaniko paper-fabrikatik ibaiak zekarren apar zikina eta kiratsa gorde zaie memorian, eta orduko kantu bat: “Cómo huele, huele el Urumea / cuando baja, baja la marea”.

Oasia, metaforikoa: hezkuntza librearena. Garai hartako diziplina gogorra eta pedagogia zurrunaren ordez, irakasle artista eta intelektualen kezka modernoak eta sormena, ikasle talde txiki baten adiskidetasun estua, neska eta mutilen arteko berdintasuna eta euskal giroa topatu zuten. Halako oasi bat frankismoaren basamortuan.

Akademia pribatu baten moduan jaio zen Santo Tomas Lizeoa 1960-61 ikasturtean, irakaskuntza elebiduna garatzeko. 60 haur inguru hasi ziren: batzuk, apaiz eta moja eskoletatik etorritakoak; beste batzuk, Alde Zaharreko pisuetan Karmele Esnal, Elbira Zipitria edo Jone Forkada bezalako andereñoek edo Hernanin Juan Goiak sustatutako ikastola txikietatik. Urte batzuk beranduago Ibaetara aldatu ziren, Loistarain baserriaren inguruan gurasoek erosi zituzten lur-sailetan eraikitako prefabrikatuetara.

Lehenengo promozio haietako zenbait ikasle bildu ditugu oasiaren oroimena jasotzeko: Ramon Agirre, Tomas Arotzena, Elixabete Barandiaran, Marta Barandiaran, Miriam Elosegi, Begoña Goia, Rikardo Mendiola, Begoña Mitxelena eta Itziar Mitxelena.

Hezkuntza modernoa

Begoña Mitxelena: “Nik hasieran mojekin ikasi nuen. Eskola hartan neskak bakarrik ginen, diziplina gogorra ezartzen ziguten, den-dena araututa zegoen, aspergarria zen… Eta gurasoek Santo Tomas Lizeora eraman nindutenean, erabateko aldaketa  izan zen niretzat: mutilak ere bazeuden, talde txikia ginen, denak oso gertukoak, lagun giroan…”.

Rikardo Mendiola: “Hamar urterekin Cara al sol abesten nuen egunero eskolan, besoa luzatuta, eta hamaika urterekin Lizeoan hasi nintzenean, han euskaraz egiten zela ikusi nuenean, ez genuela tente jarri behar ilaratan…”.

Itziar Mitxelena: “Ez genuen zerrendarik pasatzen, denok lagunak ginen, klasean hitz egiten genuen etengabe, ez zegoen programa finkoegirik… Hasierako Lizeo hura kaotikoa zen, baina zentzurik onenean: oso librea”.

Ramon Agirre: “Oso librea eta pedagogia aldetik oso modernoa, sormen handikoa, parte-hartzailea. Ez zen irakaskuntza akademiko hutsa, programatik kanpo bazeuden beste kezka eta jarduera batzuk”.

Begoña Goia: “Haietako asko ez ziren irakasleak tituluz, baina zoragarri ematen zituzten eskolak”.

Marta Barandiaran: “Jakintsuak ziren!”.

Izen mordoa dator arrapaladan: Luis Amezaga, Pablo Bordonaba, Lola Valverde, Aranburu… “eta Porru!”, euskara irakasle zorrotza…

Ramon Agirre: “Oso irakasle modernoak geneuzkan. Jose Luis Zumeta pintorea, adibidez. Europan egon zen bizitzen, guretzat zen halako hippy bat, oso gauza berria, oso desberdina. Gogoratzen dut alanbreekin nolako eskulturatxo abstraktuak egiten zituen…  Etxebeste ere irakasle izan genuen, Antzerti-ko zuzendaria zena”.

Itziar Mitxelena: “Eta Rikardo Arregi, idazlea, kazetaria, euskaltzalea. Federico Krutwig-ek Vasconia liburua atera zuen eta Arregik azaldu egiten zigun. Une hartako ideiarik aurreratuenak ziren eta guk 12 edo 13 urterekin horien berri genuen!”.

Rikardo Mendiola:  “Literatura klasean, adibidez, Viva Zapata pelikula aztertu genuen, Elia Kazan-ena, iraultza mexikarrari buruzkoa”.

Itziar Mitxelena: “Eta Taras Bulba, pelikula mitikoa garai haietan, kosakoei buruzkoa. Haiek ere herri zanpatu bat zirela ikusten genuen…”.

Elixabete Barandiaran: “Nik oso gogoan dut Santi Díaz Yarzak Darwini buruz hitz egin zigunean nolako polemika sortu zen. Ikasle batzuk haserretu egin ziren Santirekin, ‘tximutik bera etorriko da!’, esaten zuten”.

Miriam Elosegi: “Heziketa oso modernoa zen, ideia berriak jasotzen genituen, beste ikastetxeetan ezagutzen ez zirenak. Eta ikasteko metodoak ere aurreratuak ziren, oso progresistak”.

Rikardo Mendiola: “Heziketa akademikoaz gain, gelaz kanpoko jarduerak oso garrantzitsuak ziren. Ramon Saizarbitoriarekin mendira joaten ginen, ingurua ezagutzera, artzainekin hitz egiten genuen, geografia horrela ere ikasten genuen”.

Elixabete Barandiaran: “Bordonabak ere mendira eramaten gintuen asteburua pasatzera, eta gainera neskak eta mutilak elkarrekin. Hori ez zen batere normala. Neska batzuei etxean ez zieten uzten horrelako irteeretara etortzen”.

Itziar Mitxelena: “Egia esan, Francoren garai haietan ez zen asko behar modernoa izateko. Lizeoan, adibidez, hezkuntza sexuala jaso genuen. Balenziaga apaizak ematen zigun, latin irakasleak. Pater deitzen genion, on puska zen eta gorri-gorri jartzen zen gaiarekin: ‘Hau kontatu behar dizuet baina ez nik nahi dudalako, agindu didatelako baizik´, esaten zigun gaixoak, lotsatuta”.

Begoña Mitxelena: “Hezkuntza sexuala bai, baina orduan neskak eta mutilak banatuta, e!”.

Marta Barandiaran: “Bestela neskak eta mutilak nahastuta geunden beti Lizeoan eta berdinak ginen denerako, ez zegoen beste ikastetxeetako sexismorik. Gimnasia ere batera egiten genuen”.

Begoña Goia: “Hasieran, eskolako atarian egiten genituen ariketak, gimnasia pixka bat, eta ibaiaren inguruan korrika. Gero gurasoek Atlético San Sebastián elkarteko bazkide egin gintuzten eta hara joaten ginen Altuna, Elizondo edo Sarriegi gimnasia irakasleekin”.

Peajeak

Begoña Goia: “Bazegoen beste zerbait neskek bakarrik egiten genuena: Nuestras labores. Luchik josketa ematen zigun, ze emakume gaiztoa! Falangekoa zen, Sección Femeninakoa”.

Tomas Arotzena: “Zenbait peaje ordaindu beharra zegoen ikastolan”.

Rikardo Mendiola: “Hori da. Lizeoak gutxieneko baldintza batzuk bete behar zituen frankismoarekin, legalitate kutsu bat emateko. Horregatik etortzen zen Sección Femeninakoa, horregatik etortzen zen el señor Arribas…”.

Itziar Mitxelena: “Luchi sorgin hutsa zen. Baina el señor Arribas jatorra zen. Eta horrela deitzen genion beti, izen osoarekin, el señor Arribas”.

Rikardo Mendiola: “Politikako irakaslea zen, Falangekoa, Formación del Espíritu Nacional ematen ziguna. Bazekien Lizeoa zer zen eta arinago ematen zizkigun ikasgai haiek, Movimiento-aren kontuak pixka bat aldera utzita. Tramiteak ziren, gero institutuan egiten zizkiguten azterketetan gure ikasketak homologatu ahal izateko. Institutuko irakasle batzuk ere etortzen ziren noizean behin: Lasa, matematikakoa… Euskaraz eta gazteleraz izaten ziren eskolak”.

Ramon Agirre: “Bazeuden horrelako konplizitateak. Adibidez: andereño Karmele Esnalekin egun batzuetan eskursioa egiten genuen Kristina Enea parkera. Gero jakin genuen hori zela norbaitek txibatazoa ematen zuelako, ikastolatik inspektoreak pasa behar zuelako. Inspektorea bera ere laguna izango zen, eta esango zien: aizue, nik bihar handik pasa behar dut eta ez dut inor ikusi nahi, joan zaitezte parkera”.

Miriam Elosegi: “Lizeoko ikasketak homologatzeko azterketak egin behar genituen institututan, neskek Usandizagan eta mutilek Peñafloridan. Azterketaren egunak oso txarrak ziren guretzat, beldur handia genien”.

Begoña Mitxelena: “Baina oso babestuta joaten ginen, familia gurekin egoten zen egun eta erdiz”.

Miriam Elosegi: “Eta bukatzen genuenean, dirua ematen ziguten ferietara joateko”.

Gurasoen apustua

Ramon Agirre: “Lizeoan ikasitakoa institutuan homologatu behar genuen eta horrek erakusten du gurasoek izan zuten adorea: oso hezkuntza berezia zen ikastolakoa, bide ofizialetatik kanpokoa, eta gero maila nahikorik ez bazuen ematen, zer? Seme-alaben heziketa jarri zuten jokoan, hori benetako konpromisoa zen. Guraso asko abertzaleak ziren, euskaltzaleak, baina batez ere ausartak. Gerora pentsatu izan dut askotan: haiek bai potroak! Garai hartan seme-alabak horrelako ikastetxe batera bidaltzea, mixtoa, euskaraz, mediorik gabekoa, inprobisatua, alegala…A ze ausardia!”.

Itziar Mitxelena: “Ordura arte, batxilergoa euskaraz egitea ez zitzaion inori buruan sartzen. Baina beranduago Lizeotik institutura pasa nintzenean, ikusi nuen maila ona neukala. Hori bai, oso gogorra egin zitzaidan: diziplina zorrotza, hezkuntza aspergarriagoa, denak lerrotan eserita…”

Miriam Elosegi: “Institutuan zenbaki hutsa zinen!”.

Tomas Arotzena: “Ikastola sortu zutenei ez zitzaien interesatzen erdipurdiko hezkuntza bat ematea seme-alabei, noski. Haien helburua noizbait euskal unibertsitatea sortzeko lehen pauso bat ematea izan zen. Eta bide bat eraiki zuten. Ordurako bazeuden ikastola txiki batzuk, pisu batzuetan, baina Santo Tomas Lizeoa salto handia izan zen: etxeko sukaldetik atera etaunibertsitatera begira jarri. Euskaltzaletasuna bai, baina proiekzio akademikoa ere bai. Guraso haiek ameslariak ziren. Bisionarioak. Lizeoarena erronka ikaragarria izan zen eta ez dakit noizbait onartuko diegun euren apustuak benetan izan zuen garrantzi handia”.

Etiquetas:

votar

0 Comentarios Dejar comentario

12 Trackbacks

  • Ander Izagirre - 'Oasi bat frankismoaren basamortuan (Santo Tomas Lizeoa, 1960)'. http://t.co/1NKJRzGf
  • Txomin Jauregi - 'Oasi bat frankismoaren basamortuan (Santo Tomas Lizeoa, 1960)'. http://t.co/1NKJRzGf
  • Telmo Izeta Oleaga - 'Oasi bat frankismoaren basamortuan (Santo Tomas Lizeoa, 1960)'. http://t.co/1NKJRzGf
  • Oier Araolaza - Ikastola aurrerakoiak ta guraso ausartak. RT @anderiza: 'Oasi bat frankismoaren basamortuan (SantoTomas Lizeoa, 1960)'. http://t.co/9BrdkUPf
  • Ander Izagirre - Ausardia behar zen 1960an seme-alabak ikastola batera eramateko. Santo Tomas Lizeoa, oasi bat frankismoaren basamortuan http://t.co/1NKJRzGf
  • Josu Mnez De Arriaga - Ausardia behar zen 1960an seme-alabak ikastola batera eramateko. Santo Tomas Lizeoa, oasi bat frankismoaren basamortuan http://t.co/1NKJRzGf
  • Pello Uranga - Asko aldatu direla garaiak, alegia! RT @anderiza: Oasi bat frankismoaren basamortuan (Santo Tomas Lizeoa, 1960) - http://t.co/H5xmmtTi
  • gentedigital - Oasi bat frankismoaren basamortuan (Santo Tomas Lizeoa, 1960) http://t.co/0cqSItx3
  • Iñaki Agirre - Ausardia behar zen 1960an seme-alabak ikastola batera eramateko. Santo Tomas Lizeoa, oasi bat frankismoaren basamortuan http://t.co/1NKJRzGf
  • Ainara Uria - Oasi bat frankismoaren basamortuan (Santo Tomas Lizeoa, 1960) - http://t.co/4FpR2gQB
  • Tambores y tiros » Ander Izagirre · Blog y web personal - [...] unos días escribí una entrada sobre la ikastola Santo Tomas Lizeoa, donde yo estudié de los 3 a los…
  • maialen mangas - Ausardia behar zen 1960an seme-alabak ikastola batera eramateko. Santo Tomas Lizeoa, oasi bat frankismoaren basamortuan http://t.co/1NKJRzGf

Escribe tu correo:

Delivered by FeedBurner



Escribo con los veinte dedos.
Kazetari alderraia naiz
(Más sobre mí)